2011/03/21

Zure begietan ez zen gotorlekurik
beharbada gogoetan ari zinen
uhinak harrotu zituen piztiari begira.
Turismoak eta naturak bat egin zutenean
parez pare geratu ginen lipar batez
eta zu gogoan bakarrik ez eramatea erabaki nuen
behatzak sakatu zuen zu harrapatuko zintuen sarea
eta orain, nahi dudanean ikus zaitzaket.
Hala ere, une honetan ez zaitut harkaitz horretan irudikatzen,
askatasunak utopia ez dirudien eremuan baizik
piztietan zuri begira doazen dohakabeei begira
egiten dituzten ariketa errepikakorrei so
agian pena sentituko duzu,
adimen gutxi dutela usteko duzu apika,
eta zoritxarrak edo patuak handiustea eman diela
eta haizez beteta bizi direla inork iltze bat sartu arte.
Zure begietan ez zen gotorlekurik antzematen
ez duzu halakorik behar, zer den ere ez duzu jakingo ziurrenera.

2011/03/13


Gustuko dut nire bizimodutik irteteko atea zeharkatzea
larrialdietarako atea gurutzatzea eta bizkarrean ixtea
eta aurrera begiratzea,
esturaz seinaleztatu gabeko bideak urratzea,
astetik kanpo geratu diren egunetan bidaiatzea.
Gustuko dut zuhaitzei begiratzea zuhaitzei begiratu behar zaien bezala
bidalketa masiboetan bidaltzen dizkiguten paradisuzko argazkietan sartu
eta haizea besarkatzea
Gustuko dut hori egitea argazki horretan jaio banintz bezala sentitu arte
bertako elementu edo partikula izango banintz bezala;
hori ezinezkoa da ordea,
larrialdietarako ateak, zoritxarrez, itxi eta ireki egiten dira,
ateak bi aldeetara zeharkatzeko eginak daude
eta nire bizimodua paradisuan amesteko.



2011/03/05

Estura, artegatasuna, begietako makarrak,
itoa, izerdia eta ipurdi hotzak
metro batean sartzen ditu
abiadura handiko gizakiak.